Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra Soraluzen

2016-05-24 Iruzkinik ez

Gaur, asteartea, Eskolako Agenda 21eko bilkura egin da Soraluzeko Udaletxean. Egitasmo honetan parte hartzen duen Soraluzeko Institutuko 30 bat ikasle batu dira pleno aretoan, gainerako ikasle guztien ordezkari eta euren irakasleek lagunduta. Ikasleek urtean zehar egindako lanaren berri eman diete udal ordezkariei eta proposamenak aurkeztu dizkiete.

Aurtengo ikasturtean Biodibertsitatea izan da Debabarreneko ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan landu duten gaia eta ikuspuntu horretatik aztertu dute euren herria. Besteak beste, Soraluzeko ikasleek Deba ibaiaren ekosistemaren azterketa egin dute. Uraren kalitatea, tenperatura eta oxigenazioa neurtzeko analisiek emandako emaitzak uste baino hobeak izan direla adierazi dute. Landarediari dagokionez, bertako espezieak identifikatu dituzte eta salatu dute zakarraren eta landare inbaditzaileen presentzia.

Egoeraren diagnostikoa egin ostean, ikasleek udalbatzarrean aurkeztu dituzte ateratako ondorioak eta zenbait eskakizun eta proposamen luzatu dituzte, herri jasangarri bat garatze aldera.  Besteak beste, parke bat eta jolasteko gune berriak egokitzea eskatu dute eta Udalak aurrera eramaten dituen lanetan bertako espezieak lehenestea.

Iker Aldazabal alkateak eta gainerako udal ordezkariek ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik.

Egitasmo hau aurrera eramateko, ikastetxeek Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa garapen agentziaren laguntza dute eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du.

 (Argazkia: plaentxia.eus)