Elgoibarko Udalak fatxadak eraberritzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du

2019-04-11 Iruzkinik ez

Elgoibarko Udalak udalerriko fatxadak eraberritzeko diru-laguntza lerroa zabaldu du 75.000 euroko partidarekin. Laguntza programa honi esker, hiri lurzoruan kokatuta dauden bizitegietarako eraikinen fatxadak eraberritzeko eta margotzeko obren sustapen pribatua bultzatu nahi da. Deialdi honen azken xedea da Udalerriko hiri paisaia hobetzen laguntzea; eta hartara, udalerriaren irudia hobetzea.

Batik bat, alde zaharreko fatxadak, Deba ibaira ematen duten fatxadak, eta Altzola eta Olasogain (Sigma) auzoetan kokatuta dauden eraikinetako fatxadak eraberritzeko obrak sustatzeko asmoa dago. Horrexegatik, hiru kasu horietan, gehienezko diru-laguntza gainerako bizitegietarako eraikinei dagokiena baino handiagoa izango da.

 

Laguntzaren zenbatekoa

Orokorrean, diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen gastuaren % 25 izango da. Emandako baimen bakoitzeko 3.000 euroko gehienezko muga izango da (hau da, eraikinaren fatxada guztientzat).

Salbuespen gisa, ondorengo kasuetan::
• Elgoibarko alde zaharrean kokatuta dauden eraikinak (San Frantzisko kalea, Errosario kalea eta San Bartolome kalea).
• Santa Ana kaleko zenbaki bikoitiak (ibai aldean fatxada duten eraikinak).
• Pedro Mugurutza etorbideko zenbaki bikoitiak (ibai aldean fatxada duten eraikinak).
• Altzola eta Sigma auzoetan kokatuta dauden eraikinak.

Lau kasu hauetan, diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagungarria den gastuaren % 40 izango da. Emandako baimen bakoitzeko 8.000 euroko gehienezko muga izango da.

 

Eskaerak aurkezteko epea eta lekua

Eskaerak aurkezteko epea zabalik da jada eta 2019ko azaroaren 13an bukatuko da. Eskaerak, bestalde, jaso ahala artatuko dira. Eskaerarekin batera dokumentazio guztia, behar bezala betetakoa, aurkeztu beharko da Udalaren Sarrera Erregistroan.

Eskaerak, Elgoibarko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ, Santa Ana kalea, 2-behea) aurrez-aurre edota elektronikoki aurkeztu ahalko dira, udalaren webgunean.

 

Deba ibaira ematen duten fatxadak

Elgoibarko hiri-irudi garrantzitsuenetarikoa hobetu asmoz, Udalak eta Debegesa Garapen Agentziak Deba Ibaiaren Hiri-Irudia Hobetzeko Programa burutu zuten duela urte batzuk. 

Egitasmo honen helburua zen Deba Ibaira ematen duten fatxadak eraberritzea, etxebizitza eraikinen fatxaden erabateko eraberritzea bultzatuz eta dauden espazio publikoetan hobekuntzak eginez. Horretarako, fatxaden azterketa bat egin zen; era horretara, fatxada eraberritu nahi duten eraikinetako bizilagunei egindako analisiaren eta martxan jarri beharreko jardunbidearen berri emateko.

DEBEGESAko Hirigintza eta Birgaitze Sailak hurrengo proposamen hauek egin zituen:


Proposamen hauei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Debegesako Hirigintza Sailarekin eta eskatu hitzordua 943 82 01 10 telefonora deituz.