Ekintzaileei zuzendutako bigarren tailerra eskainiko du DEBEGESAk Mutrikun

2015-11-02 Iruzkinik ez

Mutrikuko Udalarekin elkarlanean, Debegesa garapen agentziak bigarren prestakuntza tailerra eskainiko du Mutrikun ekintzaileei euren negozioa abian jartzen laguntzeko. Egitasmo hau ‘ZuEkin’ egitasmoaren baitan kokatzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du.

Tailer honek jarraipena emango dio Debegesak urrian eskainitako formazioari. Tailer hura negozio ideia berriak sortzera bideratu zen, 7 lagunek parte hartu zute eta 6 negozio ideia sortu ziren.

Bigarren saio honetan, negozio ideia garatzeko eta enpresa martxan jartzeko prestakuntza jasoko dute parte-hartzaileek. Bideragarritasun plana landuko dute, merkatua aztertuko dute eta marketing plana egiteko oinarriak finkatuko dituzte.

Tailerra azaroaren 9an hasiko da eta 6 egunez luzatuko da, azaroaren 18ra arte. Goizez egingo da, 9:30etik 13:30era, Konde kaleko bulegoan, Vanesa Hortas Debegesako ekintzailetza zerbitzuko arduradunaren eskutik. Parte hartzea doakoa da. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas), edota ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatziz.

 

Diru-laguntzak ekintzaileentzat

Ekintzaileei laguntzeko Lanbideren diru-laguntza deialdiaren baitan, tailer honetan parte hartuko dutenek 1.500 euro arteko diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute euren enpresa proiektu berria abian jartzeko, Debegesa Garapenerako Agentziaren bitartez. Eskaerak Debegesan aurkezteko epea azaroaren 9an amaituko da.

Diru-laguntza hauek, batetik, negozio-ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileei bideratuko zaizkie eta, bestetik, enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plana eginda duten ekintzaileei eta proiektu hori abian jartzeko behar diren jarduerak egin nahi dituztenei.

Diru-laguntzen kopuruari dagokionean, enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 gehituko dira eskatzaileek 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago badituzte (eskaera aurkezten duten unean), eta beste % 15 emakumeak badira.

Informazio gehiago: ekintzaile@debegesa.eus edota 943 82 01 10 (Vanesa Hortas).