Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko, doako bisita gidatua igandean

Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko, doako bisita gidatua igandean

2017/07/11
  • Dolmen
  • Ibilbide
Dolmenen Ibilbidearen paisaia eta balio arkeologikoa ezagutzera emateko bisita gidatua egingo da igandean, goizeko 10:00etan Karakateko aparkalekutik abiatuta. Bisita euskaraz egingo da.

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako bisita gidatua egingo da datorren igandean, uztailak 16. Guztira 9 kilometroko ibilbidea da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino, eta buelta berriz Karakatera. Euskaraz egingo da bisita.

Goizeko 10:00etan ekingo zaio ibilbideari Karakateko aparkalekutik, eta eguerdiko 13:30rako amaitzea aurreikusten da. Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.

Ibilaldian parte hartuko dutenei gomendatzen zaie arropa erosoa eta mendiko oinetakoak eramatea. Txangoa amaitzean, parte-hartzaileek gazta, ogia eta sagardoa dastatu ahal izango dute.

Izen-ematea: 657 79 46 77 telefonora deituz (Naiara) edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

 

Dolmenen Ibilbideko bisita gidatuak harrera bikaina izaten ari dira

Debegesa garapen agentziak Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalekin elkarlanean –udalerri horien lurretatik igarotzen da Dolmenen Ibilbidea– aurkeztu zuen joan den ekainean doako bisita gidatuen programa. Hasieratik helburutzat finkatu zen Ibilbidea ezagutzera ematea eta bertan dauden trikuharri eta tumuluak balioan jartzea. Dagoeneko bi bisita egin dira eta harrera bikaina izan dute, irteera bietan taldeak bete egin baitira (25 pertsona gehienez).

Uztailaren 16ko bisitaz gainera, beste 6 egingo dira urrira bitarte: uztailak 30 (gaztelaniaz), abuztuak 6 (euskaraz) eta 20 (ingelesez edo gaztelaniaz), irailak 10 (euskaraz) eta 24 (gaztelaniaz), eta urriak 8 (euskaraz).

Dolmenen Ibilbidea ezagutzeko, doako bisita gidatua igandean

Arribiribilletako zutarria, Dolmenen Ibilbidea