Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Debegesak langabezian diren 50 urtetik gorakoen artean enplegua sustatuko du hainbat ikastaroren bidez

Debegesak langabezian diren 50 urtetik gorakoen artean enplegua sustatuko du hainbat ikastaroren bidez

2010/12/02
Europa mailako proiektu pilotu baten barne, "Eraiki zure etorkizuna" izena duen heziketa-plana gauzatuko du datozen hilabeteetan

Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Irlanda eta Erresuma Batuko hiru erakunde europarrekin batera elkarlanean, proiektu pilotua jarri du abian Debabarreneko eskualdean, ITILEE izenekoa (Enpresa eta Enpresa Izaerari buruzko Belaunaldi arteko Ikasketa/Inclusion Through Inter-generationaL Learning about Enterprise and Entrepreneurship).

Zehazki, “ERAIKI ZURE ETORKIZUNA” izena duen heziketa-plana gauzatuko du langabezian diren eta jarduera profesional bat abian jarri nahi duten 50 urtetik gorako pertsonei zuzendua.

Vanesa Hortas Debegesako teknikari eta proiektuaren arduradunetako baten hitzetan, “50 urtetik gorako pertsona batek pentsa dezake langabezian egotea gaindiezina den egoera dela berarentzat. Honek haserrea eta sumindura, autoestimu arazoak edota norbere buruari errua egoztea eragin ditzake. Horregatik, garrantzitsua da haien balioa aitortzea, lanpostua galdu arren, gaitasun berberak, lan eskarmentua eta jakituria badituztela”.

Azken datuen arabera, Debabarreneko eskualdean 4.000 pertsonatik gora dago lanik gabe, langabezia tasa %12,4an kokatuz, Gipuzkoako tasa orokorra baino %1,5 altuago (%10,9). 4.000 langabe horietatik 800 inguru 45 urtetik gorako gizon-emakumeak dira. [1]

Horrela, “Eraiki zure Etorkizuna” programa adineko langabeei laguntzeko izan da sortua, beraien gaitasun profesionalak garatzeko modurik egokiena zein den aztertu eta norbere kabuz lanean hasi edota ekintzaile gazteen aholkulari bihur daitezen.

Hurrengo hilabeteetan, beraz, Debegesak honako plan hezigarria jarriko du abian, ikastaro ezberdinez osaturik eta hiru pausotan banatua:

 

  • LEHENENGO PAUSOA: AZTERKETA ETA AUTOAURKIKUNTZA. Abenduak 15 eta 16; urtarrilak 12 eta 13.
  • BIGARREN PAUSOA:  METODOA ETA PROZESUA. Urtarrilak 27 eta28.
  • HIRUGARREN PAUSOA: ENPRESA IKUSPEGIA. Otsailean.

“Eraiki zure Etorkizuna” programan parte hartzeko interesa dutenek, abenduaren 10a baino lehen Debegesarekin harremanetan jarri beharko dute 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzale@debegesa.com helbidera idatziz.



[1] Iturria: INEM  Egileak: Lan-merkatuaren behatokia. EGAILAN S.A eta DEBEGESA (2010eko iraila)