DEBEGESAk eta Laboral Kutxak lankidetza hitzarmena berritu dute Debabarrenean enpresa berrien sorrera sustatzeko

2018-01-08 Iruzkinik ez

Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta Laboral Kutxak lankidetza hitzarmena berritu dute Debabarrenean Debegesaren laguntzarekin enpresa jarduera berri bat abiarazten duten ekintzaileei finantzazio baldintza hobeak eskaintzeko asmoarekin. Akordio honekin, Debegesak ekintzaileen ekimenak bultzatu eta indartu nahi ditu, enpresa berrien sorrera eta enplegua sustatuz.

Debegesako ekintzailetza arloak, besteak beste, finantzaketa eskuratzeko laguntza eskaintzen die ekintzaileei. Hala, akordio honi esker, euren enpresa-proiektuaren bideragarritasun plana Debegesaren laguntzarekin burutzen duten ekintzaileek baldintza hobeak izango dituzte finantziazioa lortzerako orduan. Laboral Kutxarekin sinaturiko hitzarmenak finantza-produktu ezberdinak jasotzen ditu: gazteei zuzendutako maileguak, mikro-maileguak, Leasinga, kreditu kontuak, zirkulatzailearen finantziazioa, etabar. Gainera, Laboral Kutxak lankidetza hitzarmenak ditu EBS elkarren bermerako sozietate nagusiekin, enpresei finantzaketa errazteko asmoarekin.

Ekimen honek erakusten du bi erakundeek garapen ekonomikoarekin eta enpresa berrien sorrerarekin duten konpromiso sendoa.

Debegesak, ekintzaileei laguntzeko zerbitzuaren bitartez, informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana dela, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak direla edota enpresa inkubagailuetan kokatzeko aukera emanez.

Abantaila hauen guztien gaineko informazio zehatza jaso nahi duenak Debegesara dei dezake 943 82 01 10 telefonora, edo ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatzi.