Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eibarko Udalak antolatutako Ekonomia Zirkularrari, Jasangarritasunari eta Ekintzailetza Berdeari buruzko I. Foroan parte hartuko du DEBEGESAk

Eibarko Udalak antolatutako Ekonomia Zirkularrari, Jasangarritasunari eta Ekintzailetza Berdeari buruzko I. Foroan parte hartuko du DEBEGESAk

2019/04/10
Aitziber Cortazar Debegesako Turismo eta Garapen Iraunkorraren arduradunak, "Proposamenak eta Gakoak gure lurraldean Ekonomia Zirkular eta Ekintzailetza Berdearen estrategiak aplikatzeko" izenburupeko mahai-inguruan parte hartuko du.

Eibarko Udalak antolatuta, bihar osteguna egingo da Eibarren Ekonomia Zirkularrari, Jasangarritasunari eta Ekintzailetza Berdeari buruzko I. Foroa; ekimenaren helburua da gune iraunkor bat sortzea ekonomia zirkularraren arloak gaur egun eskaintzen dituen proposamenak aztertzeko —erreferentziako adibide praktikoak landuko dira Eibarren ezarri ahal izateko—, eta baita Ekonomia Berdearen arloko adituen arteko eztabaida eta konexioa sustatzea ere. Portalean izango da jardunaldia eta Eibar Ekonomia Zirkularrari buruzko Euskadiren erdigune bihurtuko da ostegun honetan, apirilak 11.

Goizeko bederatzietatik ordu biak arte, Portaleko areto nagusira joaten direnek hainbat mahainguru eta hitzaldi entzuteko aukera izango dute, ekonomia zirkularrari buruzko ekimen publiko zein pribatuak gertutik ezagutzeko. Inaugurazio instituzionala, Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzaren zinegotziaren eskutik izango da 9:30ean, eta ondoren Iñaki Arriola Etxebizitza eta Ingurumeneko kontseilariak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Publikoetako foru diputatuak mahainguru batean parte hartuko dute mintzagai honekin: 'Ekonomia Zirkularra: Gakoak eta Aukerak Enpresen Garapena eta Enplegua Sortzeko’.

Esperanza Caro Sevillako Udaleko Ekonomia eta Merkataritzaren Zuzendari Orokorrak gai hau izango du hizpide, "Gobernuen tokian tokiko estrategiak Ekonomia Zirkularra garatzeko’. Jarraian, mahai-inguru bat egongo da honako gai honekin: ‘Adibideak eta gakoak enpresaren arrakasta lortzeko ekonomia zirkularraren esparruan', eta bertan parte hartuko dute Circular Hub Euskadi eta BTM Simbiosis-en ordezkariek, Beatriz Juez Ekonomia Zirkularraren Goi Bileraren Euskadiko enbaxadoreak gidatuta.

Jardunaldia amaitzeko beste mahai-inguru bat egongo da: ‘Proposamenak eta Gakoak gure lurraldean Ekonomia Zirkular eta Ekintzailetza Berdearen estrategiak aplikatzeko'. Hauxek izango dira solasaldian parte hartuko dutenak: Alfredo Bezos, Eibar Clima Lab-en kontsultorea eta sustatzailea; Aitor Urresti, EHUko zuzendariordea, Energia Berriztagarrien Ingenieritzako Graduduna, eta Climaton-en sustatzailea; Aitziber Cortazar, Debegesako Turismo eta Garapen Iraunkorraren arduraduna; eta Maria Teresa Machado, Palo Alto Fundazioaren zuzendaria eta Ekonomia Zirkularraren Goi Bileraren enbaxadorea.   

Foroaren helburu zehatzak hauexek dira: Ekonomia berde eta zirkularraren arloko ekintza-lerro nagusiak (aurrerapena eta ongizatearen eragile) ezagutzea; Eibarrera Ekonomia Berdearekin lotutako enpresak eta startup-ak erakartzea edo bertan eratzea, lurraldean enplegua eta ekoizpen-garapena sortzeko; Ekonomia Berde eta Zirkularraren arloko adituen foro bat sortzea, jarduerak antolatuz enplegua eta ekintzailetzaren esperientzia arrakastatsuak ezagutzera emateko; eta apustua egitea Eibar erreferentzia gune izan dadin ekonomia zirkularraren eta jasangarritasunaren eremuan, foro hau izanik lehen ekintza egokitzat jotzen diren jardueren garapen-estrategia baten barruan.

Forora nahi duena joan daiteke; muga bakarra lekua izango da. 

Eibarko Udalak antolatutako Ekonomia Zirkularrari, Jasangarritasunari eta Ekintzailetza Berdeari buruzko I. Foroan parte hartuko du DEBEGESAk