DEBEGESA zientzia eta teknologia arloetan lan egiten duten emakumeen bila dabil Debabarrenean

2019-02-25 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak gonbidapena luzatu die STEM arloetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) lan egiten duten emakumeei “Debabarrena STEM” deritzon proiektuarekin bat egin eta Debabarreneko gazteen artean, bereziki neskatilen artean, bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko ekimenetan parte har dezaten.

Debegesak sustatu du “Debabarrena STEM” proiektua, Elhuyarrekin lankidetzan. Proiektu horren bitartez, eskualde mailako estrategia bat landu nahi da bokazio zientifiko-teknologikoak pizteko. Besteak beste, emakume zientzialari eta teknologoen lana agerian jarri nahi da, gaztetxoek gertuko emakume profesionalen erreferenteak izan ditzaten. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du, “Etorkizuna Eraikiz” programaren baitan.

Egitasmo honen baitan azterketa bat egin da, analisian genero-ikuspegia txertatuz, Debabarreneko ikasleek gai horiekiko dituzten interesei buruz, eta nola ikusten duten beren lanbide-proiekzioa. 14 eta 15 urteko 550 ikaslek erantzun dute galdetegia. Azterketatik ondoriozta daiteke genero-estereotipo tradizionalek gazteen interesetan eragina dutela; neskei gehien interesatzen zaizkien gaien artean daude gai sozialak (%51,37), kirolak (%46,67), eta medikuntza eta osasuna (%46,66). Mutilen kasuan, berriz, kirolen inguruko interesa da nagusi (%78,68), eta zientzia eta teknologiaren ingurukoa, bigarren (%56,25).

Debegesak eta Elhuyarrek azterketaren emaitzak aurkeztuko dituzte datorren martxoaren 27an, ABIAN azokaren baitan. Debabarreneko Lanbide Heziketaren azoka, ABIAN, martxoaren 27tik 29ra egingo da, Armeria Eskolan.

Parte hartu nahi duten emakume profesionalek Debegesaren webgunean eman dezakete izena, izen-emate orria online betez. Zalantzak argitzeko edota informazio gehiago eskuratzeko, 943 82 01 10 telefonora deitu daiteke edo berrikuntza@debegesa.eus helbidera idatzi.