Debegesa, Oarsoaldea eta Goieki garapen agentziek enpresen mapa berria osatu dute GIS teknologia erabiliz

2017-05-05 Iruzkinik ez

Debegesa, Oarsoaldea eta Goieki Garapen Agentziek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, GIS – Geografia-informazioko sistema – teknologian oinarritutako tresna berria garatu dute, eskualde hauetan kokatuta dauden enpresei buruzko informazio eguneratua bilatzeko eta eskuratzeko aukera ematen duena. Era berean, enpresek aukera dute bertan azaldu edota informazioa eguneratzeko modu erraz, azkar eta erosoan.

Tresna honek software libreko aplikazioak erabiltzen ditu eta orain artean erabiltzen zen mapa birtualaren funtzionalitateak nabarmen hobetzen ditu. Informazioa modu erraz eta azkarrean kudeatzea eta aldatzea ahalbidetzen du, une oro eguneratuta egon dadin, eta intuitiboa eta erabiltzeko erraza da.

Honenbestez, datu-base sendo, aberats eta zabala da, erabat bisuala. Eskualdea aukera daiteke, herria, industrialdea eta, azkenik, informazioa eskuratu nahi dugun enpresa, sinpleki sagua maparen gainean jarriz.

Tresna egiazki erabilgarria da gertu ditugun enpresa askoren gaineko informazioa begiratu eta eskuratzeko. Halaber, enpresentzat tresna eraginkorra da oso euren instalazioak, produktuak, promozioak, eskaintzak, katalogoak edota zerbitzuak une oro eguneratuta aurkez ditzaten.

Enpresen mapa birtual berria herritarren eskura dago interneten, enpresagida.eus webgunean, baita Debegesa, Oarsoaldea eta Goieki garapen agentzien webguneetan ere.

 

Nola atera probetxua GEIS tresnari:

1. Enpresen gaineko informazio baliotsua lor ezazu.

  • Bilatzaile geografikoa edo kokapenaren araberakoa.
  • Izenaren edo aktibitatearen araberako bilatzailea.
  • Bilatzaile aurreratua, fitxa teknikoan dagoen informazio atal bakoitzeko bilaketa filtro bat sar daiteke.
  • Informazioa esportatzeko aukera.
  • Koordenatuak enpresa bakoitzaren fitxan.
  • Lurraldean integratuta.

 

2. Zure enpresaren aurkezpenerako leihoa eta interneten zure posizionamendua hobetu.

  • Informazioaren osagarri diren elementu ugari erakusteko aukera, logoak, katalogoak, bideoak, argazkiak, etabar.
  • Googlen erreferentziatua.

 

Web aplikazioa APP formatuan ere eskuragarri dago Android Sistementzat.


Izena emateko edota zalantzak argitzeko

Mapa birtualean agertzea nahi duten enpresek edota enpresari buruzko datuak eguneratu nahi dituztenek, euren eskualdeko Garapen Agentziarekin jar daitezke harremanetan. Bertan azaltzeak ez du inolako kosturik enpresarentzat.