Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bideojoko tailerrak egingo dira Aste Santuan Debabarrenean

Bideojoko tailerrak egingo dira Aste Santuan Debabarrenean

2018/03/20
  • Robotika
  • STEAM
Izen-ematea arrakastatsua izan da; Deban, Eibarren eta Mutrikun plaza guztiak agortu dira dagoeneko. Mendaron eta Soraluzen, izen-ematea zabalik dago oraindik.

8 eta 15 urte bitarteko Debabarreneko 70 gazte baino gehiagok (%22 neskatilak) eman dute izena gaur artean Aste Santuan gure eskualdean egingo diren bideojoko sorkuntza tailerretan parte hartzeko. Zehazki, bost herri hauetan egingo dira tailerrak: Deban, Eibarren, Mendaron, Mutrikun eta Soraluzen.  

Harrera ezinhobea izan dute tailerrek; Deban, Eibarren eta Mutrikun plaza guztiak agortu dira. Eskaera handia izan da bereziki Eibarren eta Udalak hala erabakita plaza kopurua gehitu eta interesa agertu duten gazte guztiei eman zaie aukera tailerrean parte hartzeko; denera, 26 gazte izango dira. Hiru herri hauetan tailerrak apirilaren 3tik 6ra egingo dira.

Mendaron eta Soraluzen tailerrak martxoaren 26tik 28ra egingo dira eta izen-ematea zabalik da oraindik batean eta bestean. 8 eta 15 urte bitarteko mendaroarrek www.gazterobotika.eus atariaren bitartez eman ahalko dute izena; Soraluzeko gazteen kasuan, Udaletxera jo behar dute izena emateko. Bi tailer hauetan parte hartzeko prezioa 18 eurokoa da.

Tailerrak euskaraz egingo dira eta Doplay enpresak eskainiko ditu.

 

Debabarreneko gazteen artean STEAM trebetasunak sustatzea xede

Debabarreneko gazteen artean bokazio teknikoak eta teknologikoak modu erakargarri eta jostagarrian sustatzea dute helburu Debegesa garapen agentziak eta Debabarreneko Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, antolatu dituzten tailer hauek. Ekimena iaz abiatu zen eta Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko (STEAM, ingelesezko siglak) interesa piztea helburu duen Gazte Robotika hezkuntza-egitasmoaren barruan kokatzen da.

Hain zuzen ere, bideojoko baten garapen prozesuak sormena, pentsamendu logikoa eta algoritmikoa indartzen ditu. Tailer hauetan gazteek euren bideojokoak garatuko dituzte, ezagutza matematiko, espazial eta logikoan sakonduz, Scratch programaren bidez. Helburua da egin ahala ikastea. Gainera, arazoei irtenbidea topatzeko garrantzizkoak diren beste zenbait landuko dituzte: arazoaren izaera zein den erabakitzea, irtenbidea topatzeko balioko duen errepresentazioa hautatzea eta euren pentsamendu eta estrategiak monitorizatzea.

Ekimenak jarraipena izango du udan, tailer teknologiko gehiagorekin, eta irailean Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da. Ermuan izango da aurten txapelketa.

Bideojoko tailerrak egingo dira Aste Santuan Debabarrenean