Asteazkenean irekiko ditu ateak ABIAN Debabarreneko IV. Lanbide Heziketa Azokak

2019-03-24 Iruzkinik ez

Martxoaren 27tik 29ra bitartean egingo da Armeria Eskolako patioan, Eibarren, ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioa. Erakusketa espazio bakar batean Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza-ibilbide ezberdinak bildu eta erakutsiko dira. Hurrengo ikastetxeek parte hartuko dute: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.

ABIAN azokara hurbiltzen direnek eskualdeko prestakuntza-eskaintza zabala eta eskura dauden titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. Egun Debabarrenean 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, horien artean LH Duala, enplegagarritasun handikoa eta enpresek oso estimatua dutena.

ABIAN azokak iraungo duen hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen bisitak izango dira; 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa izan dezaten. Ikasleez gainera, publiko orokorrak ere zabalik izango ditu azokako ateak (gurasoak, orientatzaileak, langabezia egoeran dauden pertsonak…).

 

Irekiera ekitaldia

Asteazkenean, hilak 27, 11:00etan, irekiera ekitaldia egingo da Armeria Eskolako patioan. Bertan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk eta baita Debabarreneko alkateek ere.

Irekierako hitzaldien ostean, Debegesa garapen agentziak, Elhuyarrekin batera, “STEM arloko ikasketen eta lanbideen inguruan Debabarreneko gazteen pertzepzioa” ikerketaren emaitzak eta ondorioak aurkeztuko ditu. 14 eta 15 urteko ia 550 ikaslek parte hartu dute ikerketan, galdetegi bati erantzunez: interesatzen zaizkien ikasgaiak zeintzuk diren, gertu duten industriaz zer iritzi duten edota etorkizunean zer lanbidetan lan egitea gustatuko litzaiekeen. Ikerketa burutzerako orduan genero ikuspegia txertatu da analisian.

 

Lan-merkatuaren beharretara egokitzen den Lanbide Heziketa

ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketaren Azoka, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek elkarlanean antolatuta. Egitasmoaren helburu nagusia da kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.

ABIAN azokak, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailaren eta SD Eibar Fundazioaren laguntza ekonomikoa jaso du.

Halaber, eskualdeko hamahiru enpresa industrialek ekimenarekin bat egin dute, Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz. Enpresa laguntzaile dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.

ABIAN azokaren laugarren edizioak bereziki nabamendu nahi du Lanbide Heziketak “lan-merkatuan sartzeko aukera oso onak” eskaintzen dituela. Azokaren gaineko xehetasun guztiak joan den martxoaren 15ean aurkeztu ziren prentsaurrean. Bertan Ermuko alkate eta Debegesako presidente Juan Carlos Abascalek eskerrak eman zizkien, eskualdeko Udal guztien izenean, erakunde eta enpresa laguntzaileei. “Enpresek bereziki eskatzen eta baloratzen dituzte Lanbide Heziketan tituludunak eta lan-merkatuan sartzeko aukerak gero eta handiagoak dira LHko ikasleentzat” nabarmendu zuen.

Heziketa ziklo “maskulinizatuetan” nesken parte-hartzea sustatzearen alde ere hitz egin zuen; espezialitate zientifiko-teknikoetan, esaterako, emakumeek oso presentzia txikia dute oraindik eta, aldiz, laneratze-maila altua duten ikasketak dira.

Bestalde, LHko ikastetxeen izenean, Meka Lanbide Eskolako Ikasketa-buru Kontxi Aranak, “Lanbide Heziketaren onurak ezagutzera emateko ABIAN bezalako topaketen garrantzia” azpimarratu zuen; onura horien artean dira: lan merkatura egokitutako titulazio berrien etengabeko sorrera eta eguneraketa, LH ikasteko sarbide ezberdinak eta LHko titulazio eta unibertsitate graduen arteko zubiak, Lanbide Heziketa Duala, ikasleen prestakuntza prozesuan enpresak ere gehituz, edota ekintzailetzaren sustapena Ikasenpresa bezalako programei esker. Ikasenpresa programak Lanbide Heziketako ikasleen artean ekintzailetza bultzatzea du helburu, ikasgeletan euren enpresa-proiektuak sortuz. Hain zuzen ere, Eibarren burutzen da urtero Ikasenpresa Azoka, Tknikak (LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatua) Eibarko Udalarekin batera antolatuta.

ABIAN azoka martxoaren 27tik 29ra egingo da zabalik, 10:00etatik 14:30era; eta ostegunean baita arratsaldez ere, 16:00etatik 18:30era. Erakusketa guneaz gainera, ABIAN azokak hitzaldiak eta doako tailerrak eskainiko ditu. Informazio gehiago HEMEN