Armeria Eskolak eta Uni Eibar-Ermuak bat egin dute Ekintzailearen Egunarekin

2012-05-15 Iruzkinik ez

Debegesak maiatzaren 30ean ospatuko du aurten Ekintzailearen Eguna. Halere, bi ekimen gehiago izango dira Debabarreneko eskualdean Debegesak sustatzen duen Ekintzailearen Egunarekin bat eginez.

 

Hala, Debabarreneko Ekintzaileen Foroaren baitan –foro honetan Debabarreneko Udalek eta ikastetxeek hartzen dute parte Debegesaren koordinaziopean-, Armeria Eskolak eta Uni Eibar-Ermua ikastetxeak Ekintzailearen Eguna ospatuko dute euren zentroetan, gaitasun ekintzailea sustatu eta ekintzailetasunaren garrantziaz hezkuntza komunitatea eta oro har gizarte osoa sentsibilizatu nahian.

 

Armeria Eskolak datorren asteazkenean, maiatzak 23, ospatuko du Ekintzailearen Eguna, Debegesaren laguntzarekin. Ekimenari goizeko 8etan emango zaio hasiera. Eskolako sarreran stand bat ipiniko da, Ekintzailearen egunaren berri ematen.

 

Goizeko 9:00etatik aurrera hizlari ezberdinek hartuko dute hitza, hala nola, Jose Luis Novoa Armeria Eskolako Zuzendariak,  Belen Guinea Urrats Bat programaren arduradunak, Vanesa Hortas Debegesako Enpresa Berrien Sorrerarako Teknikariak eta Ermuko Udaleko teknikari Jordi Lorenzo. Halaber, enpresa bat eratu duten Eskolako ikasle ohi batzuk euren esperientzia pertsonala kontatuko dute.

 

Ekitaldia borobiltzeko, ETBko aurkezle ezagun Julian Iantzik hitzaldia eskainiko du “Ideia bat baduzu, jarraiozu munduaren amaierara arte” izenburupean.

 

Uni Eibar-Ermua ikastetxean, aldiz, Ekintzailearen Eguna ikasturte amaierako ekimenarekin batera ospatuko dute, ekainaren 22an.

 

Goizeko 8:00etan stand bat irekiko da ekintzailetasunaren gaineko informazioa eskaini eta ondoren mahai-ingurua izango da gai beraren inguruan. Jarraian, diploma banaketa egingo da ikasturtean zehar ikastetxean burutu diren jarduera ekintzaileekin loturik eta Fortrad: Formación y Traducción proiektua aurkeztuko da, Ermuko Udalak antolatzen duen Juan Torres Enpresa Proiektu eta Ideien Lehiaketan saridun izan zena.

 

Debegesak maiatzaren 30ean ospatuko du Ekintzailearen Eguna egitarau zabalarekin

Debegesak, bere aldetik, Ekintzailearen Eguna ospatzeko ekimen nagusia maiatzaren 30ean egingo du. Ohi bezala, Debegesaren egoitzan izango da, 18:00etatik aurrera. Ekitaldiaren helburua da Debabarreneko ekintzaileen lana azpimarratzea eta ezagutzak eta esperientziak elkar partekatzeko topagunea izatea.

 

Lehenbizi, Enpresen Azoka bat egingo da, eskualdean berriki sortu diren enpresek euren zerbitzuak edota produktuak ezagutzera eman ditzaten.

 

Amaitzeko, Debabarrena Ekinean! eta Bai Industriari! errekonozimenduak banatuko dira.