Aburto sailburuak Eibarko Mogel auzoan egiten ari diren birgaitze lanak bisitatu ditu

2014-12-17 Iruzkinik ez

Eibarko Mogel auzoa birgaitzeko proiektuaren helburu nagusia da etxebizitzen eta eraikinen energia-eraginkortasuna handitzea, irisgarritasun-baldintzak hobetzea, gizarte-kohesioa indartzea eta enplegu sorrera sustatzea.

Gaur egun, hiria oin berriko eraikinak eginez handitzearen eta zabaltzearen kultura urbanistikoa aldatzeko adostasun sozial zabala dago, bai eta horren ordez dagoeneko existitzen diren eraikinak eta espazio finkatuak birgaitzea, berritzea eta zaharberritzea bultzatzeko beharrari buruzkoa ere.

Duela zenbait hamarkada Euskadin altxatutako bizileku-parkearen ezaugarri nagusietako bat, hauek duten eraginkortasun energetiko txikia da. Horri aurre egiteko, Europan energia-eraginkortasuneko programa bat abiarazi dute, “ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods” izenekoa. Mogel auzoa birgaitzeko proiektua barne hartzen du, Grenoble, Malmo eta Osloko beste proiektu batzuekin batera.

Proiektu horien bidez, eraikuntzak hainbat ikuspuntutatik birgaituko dira, hain zuzen ere: hirigintza-iraunkortasuna, gizarte-iraunkortasuna eta ekonomia-iraunkortasuna. Hala, auzoko eta hiri osoko bizigarritasun-baldintzak hobetuko dira. Prozesua aurrera eramateko, hainbat herri-administraziok eta auzoko bizilagunek hartu dute parte.

Proiektuak funts publikoak eta pribatuak ditu, guztira, 5,2 milioi euro. Proiektuaren gauzatzean eta finantzazioan Eusko Jaurlaritzak, Eibarko Udalaren bitartez, eta herritarrek parte hartu dute, Debegesa eskualdearen garapenerako elkartearen laguntzarekin.

Etxebizitza bakoitzeko kostuak 33.900 eta 36.230 euro bitartekoak izan dira, bakoitzaren zurgindegi metalikoaren beharren araberakoak.

Emandako laguntzak hauek izan dira:

  • Eusko Jaurlaritza: 14.213 euro/etxebizitza.
  • Eibarko Udala: 850 euro/etxebizitza.
  • ZenN Proiektua: 4.400 euro/etxebizitza.

Diru laguntzek, etxebizitza bakoitzeko laneko kostuaren %53 eta % 57ren bitartekoa ordaindu dute.

Mogel auzoa birgaitzeko proiektua 2006an abiarazi zuten. Herritarrek auzoaren eta eraikinen irisgarritasuna hobetzeko ekimena bultzatu zuten, auzotarren batzorde baten bidez. Horren ondorioz, Eibarko Udalak eskailera mekanikoak eta igogailu publiko bat instalatu zituen, auzoaren irisgarritasuna hobetzeko.

2013an, 21 atari birgaitzeko obrak abiarazi zituzten. 20 hilabeteko epea aurreikusi zuten. Auzoa 1949an eraiki zuten. Eraikinek beheko solairua eta beste lau solairu dituzte, eta solairu bakoitzean bi etxebizitza. Auzoko oztopo fisikoak deuseztatu behar izan dira herriarekin lotura hobea izateko. Gainera, espazio atseginagoak sortu behar izan dira pertsonen eta familien bizi-baldintzak hobetzeko.

Eraikinetan hainbat jarduera burutu dira: atarien irisgarritasuna hobetzea (eskailerak eraistea, berriak eraikitzea eta igogailua jartzea); bilgarriaren energia-eraginkortasuna hobetzea, energia galeren erdia saihesten dituen 22 cm-ko geruza isolatzailea jarriz; leihoak eraginkorragoak diren beste batzuekin ordezkatzea, eta eraikinen estalkia isolatzea. Gainera, eguzki-panel termikoak jarriko dituzte atari guztietan, ura berotzen laguntzeko.