Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 92 gaztetxok parte hartu dute Aste Santuko oporraldian Debabarrenean egin diren bideojoko tailerretan

92 gaztetxok parte hartu dute Aste Santuko oporraldian Debabarrenean egin diren bideojoko tailerretan

2018/04/09
8 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerrak Deban, Eibarren, Mendaron, Mutrikun eta Soraluzen egin dira.

8 eta 15 urte bitarteko 92 gaztetxok (%20 neskatilak) Aste Santuko oporraldia aprobetxatu eta eskualdeko bost udalerritan egin diren bideojoko tailerretan parte hartu dute. Zehazki, Deban, Eibarren, Mendaron, Mutrikun eta Soraluzen burutu dira tailerrok. 

Ekimena Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Udalek sustatu dute, Gazte Robotika egitasmoaren barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du.

Harrera ezinhobea izan dute tailerrek. Lehendabiziko bi tailerrak martxoaren 26tik 28ra egin ziren Mendaron eta Soraluzen, 10 eta 28 partaiderekin, hurrenez hurren. Gainerako tailerrak Deban, Eibarren eta Mutrikun eskaini dira apirilaren 3tik 6ra; Deban eta Mutrikun, hamabosna ikasle izan dira, eta Eibarren, berriz, 24. Denera, ia ehun gaztetxo animatu dira euren bideojokoak egiten ikastera.

 

Debabarreneko gazteen artean STEAM trebetasunak sustatzea xede

Debabarreneko gazteen artean bokazio teknikoak eta teknologikoak modu erakargarri eta jostagarrian sustatzea izan dute helburu tailer hauek. Ekimena Gazte Robotika hezkuntza-egitasmoaren barruan kokatzen da. Egitasmo honek Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko (STEAM, ingelesezko siglak) interesa piztea du helburu.

Hain zuzen ere, bideojoko baten garapen prozesuak sormena, pentsamendu logikoa eta algoritmikoa indartzen ditu. Tailer hauetan gazteek euren bideojokoak garatzen ikasi dute, ezagutza matematiko, espazial eta logikoan sakonduz, Scratch izeneko programaren bidez. Programazio prozesuak ikasleari egin ahala ikastea eskaintzen dio. Gainera, arazoei irtenbidea topatzeko garrantzizkoak diren beste zenbait gai ere landu dituzte: arazoaren izaera zein den erabakitzea, irtenbidea topatzeko balioko duen errepresentazioa hautatzea eta euren pentsamendu eta estrategiak monitorizatzea.

Ekimenak jarraipena izango du udan, tailer teknologiko gehiagorekin, eta irailean Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da. Ermuan izango da aurten txapelketa.

92 gaztetxok parte hartu dute Aste Santuko oporraldian Debabarrenean egin diren bideojoko tailerretan

Bideojoko tailerra, Eibarren - Gazte Robotika