Debabarreneko autobus zerbitzua hobetzeko aldaketak izango dira astelehenetik aurrera

2012-04-13 Iruzkinik ez

Datorren astelehenetik aurrera hainbat aldaketa egingo dira Debabarreneko eskualdeko autobus zerbitzuen ordutegietan, gaur egungo zerbitzu eskaintza hobetuz. Aldaketak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Sailaren eta Eusko Tren enpresaren arteko akordioaren ostean datoz.

 

Hain zuzen, erabiltzaile gehien duten autobus zerbitzuen maiztasuna aregoatu egingo da, hala nola, Mallabia-Ondarroa, Eibar-Elgeta eta Azpeitia-Ermua.

 

Mallabia eta Ondarroa arteko lineari dagokionez, Ermua eta Mendaro arteko komunikazioa hobetu egingo da. Honela, astelehenetik ostiralera Mendaroko Ospitalerako autobusen maiztasuna 20 minutukoa izango da (gaur egun 30 minutukoa da gutxi gorabehera).

 

Larunbatetan zerbitzu bat gehiago jarriko da. Mallabitik 23:00etan aterako da azken autobusa Mendaroraino, eta 22:10ean Ondarroatik Ermuraino. Halaber, larunbat gauetan autobusa Ermutik irtengo da eta bertan amaituko da ibilbidea (gaur egun Eibarren hasi eta amaitzen da). 

 

Udan astelehenetik ostiralera Mallabia eta Ondarroa artean orduro eskainiko da zerbitzu bat.

 

Bestalde, Eibar-Deba Express zerbitzua desagertu egingo da, erabiltzaile gutxi duen zerbitzua baita.

 

Eibar eta Elgeta arteko joan-etorria ere nabarmen hobetuko da. Astelehenetik ostiralera 5 autobus gehiago egongo dira, guztira 7 autobus izanik. Asteburu eta jaiegunetan 4 autobus ibiliko dira joan-etorrian (orain bi zerbitzu daude).

 

Azpeitia eta Ermua arteko lineari dagokionez, zerbitzu gehiago eskainiko dira. Astelehenetik ostiralera, Azpeititik Ermura autobus bat gehiago aterako da goizean; eta Ermutik Azpeitira autobus bat gehiago eguerdian. Gainera, zerbitzu guztiek izango dute hasiera Ermuan (orain lehenengo zerbitzua Elgoibarren hasten da).

 

Larunbatetan, Azpeititik Ermura autobus kopuru berbera mantenduko da (6 konexio) baina ordutegi berriekin, zerbitzua eraginkorragoa izateko. Ermutik Azpeitira autobus bat gehiago bat jarriko da, 19:00etan. Bestalde, Elgoibarretik Azpeitira 8:20an ateratzen den autobusa desagertu egingo da.

 

Igande eta jaiegunetan, Azpeititik Ermura 3 zerbitzu gehiago eskainiko dira eta guztiak iritsiko dira Ermuraino (guztira 6 autobus). Ermua eta Azpeitia arteko joan-etorria egiten duten autobusak 3 izatetik 5 izatera pasako dira (hasiera Ermuan izango dute guztiek).

 

Eibar-Soraluze-Mendaro lineari dagokionez, zerbitzuak berdin mantenduko dira. Halere,

astelehenetik ostiralera Eibar eta Soraluze arteko konexio bat desagertu egingo da, erabiltzaile gutxien duena (11 autobus izango ditu).

 

Hala, Debegesak garraio publikoa erabiltzera bultzatu nahi ditu eskualdeko herritarrak eta dei egiten die autobus zerbitzuaren erabiltzaileei aldaketa hauen berri izan dezaten. Hain zuzen, Debegesaren webgunean izango dituzte ordutegi berriak eskuragarri, www.debegesa.com, pdf formatuan, inprimatu ahal izateko.

 

Eskualdeko markesinetan ere ordutegi berrien informazioa ipiniko da datozen egunetan erabiltzaileek kontsultatu dezaten.